Badakit txorakeria dena,
baina
nora joaten dira txoriak
gerraren sirena-hotsak hastean?
Badakit txikikeria dena,
baina
non uzten dituzte kumeak
txoriek
gerraren dunba-hotsak hastean?
Badakit pittinkeria dena,
baina
nongo argia bilatzen dute
txoriek
gerraren ilun-hotsak hastean?
Badakit txorikeria dena,
baina
nora joaten gara txoriok
gerraren hil-hotsak hastean?
Gerardo Markuleta,